Zergatik desazkundea?


Gutxiagorekin bizi nahiko zenuke? Ziur aski ezetz esango zenuke, baina, gutxiagorekin biziko zinateke zure seme-alaben ongizatea bermatzeko? Gutxiagorekin biziko zinateke munduko biztanleriak bere beharrak asetuta edukitzeko? Agian erantzuna desberdina izango litzateke.



50 urte bete ditu Hazkundearen Mugen txostenak. Ondorio garbia atera zuten 70 hamarkadan: kontsumo eta ekoizpen industrialak horrela jarraituz gero, sistemak planetaren mugekin talka egingo zuela. Honen harira, 2009an, Estokolmoko unibertsitateko zientzialari talde batek bederatzi mugen teoria argitaratu zuen. Haien arabera, gizadiak ez lituzke bederatzi muga neurgarri horiek gainditu beharko planetaren oreka mantentzeko. Hauek dira: biodibertsitatearen galera, kutsadura kimikoa, klima aldaketa, lurren erabilera, nitrogeno eta fosforo zikloak, ozono geruza, ozeanoen azidifikatzea, ur gezaren erabilera eta atmosferako aerosolak. Dagoeneko, lehengo bostak gainditu ditugu.



Hortaz, argi dago funtsezko aldaketa behar dugula bai gure bizimoduan bai gure baloreetan, eta horretarako konponbidea desazkundea da. Hazkunde ekonomiko mugagabea ezinezkoa da planeta mugatuan eta teknologiak bakarrik ez gaitu salbatuko. Desazkundea nola burutu nahi dugun erabaki behar dugu: era demokratiko eta kontrolatu batean edo planetak aski dela esan arte, hondamenezko era batean.



Gaur egungo sistema ekonomikoaren ordez desazkundea da alternatiba. Itxaropena dago, Europako Parlamentuak honi buruzko proiektu bat martxan jarri baitu. Izan ere, 10 milioi euro bideratu ditu. Geroz eta azkarrago desazten hasi, orduan eta baliabide gehiago eskuragarri izango ditugu eta trantsizio justuago, bideragarriago eta jasangarriagoa lortuko dugu. Aberastasunaren bidezko birbanaketa, egitura politikoaren deszentralizazioa, gizartearen babes sozialaren trinkotzea, birlokalizazio industriala, lanaldiaren murrizketa, agroekologia eta birnaturalizazioa, besteen artean, desazkundeak proposatzen dituen planteamenduak dira.



Abagune historikoa daukagu, ez soilik kolapsoa saihesteko, mundu hobea lortzeko baizik.  



LANDARLAN ELKARTEA

2023ko urria

Ordiziako herri baratzak