Naturan egoteko, ikasteko eta bizitzeko beharra
Otsailaren 9an, Fadurako polikiroldegian “Natura hezkuntzarako oinarri” mahai inguruaz gozatzeko aukera izan genuen Landarlan elkarteko kideok, Kutxa Ekogunea, Eskolak Naturan, Bolibarko baso eskola eta Egizuko kideekin batera.
Zenbait ikerketen arabera, munduko 5-12 urteko haurrek bataz beste 30 minutu ematen dituzte kalean. Honek arazo fisiko psikiko, zein kognitiboak dakartza. Kezka honi aurre egin nahian, hezkuntza eredu berdeagoak garatzen hasi dira azkenaldian herrialde ugarietan. Getxoko Egizu elkarteak antolaturiko mahai-inguruan Euskal Herrian garatzen ari diren proiektu ezberdinak ezagutu eta gai honen inguruan gure elkarteak egin duen eskeintza aurkezteko aukera izan genuen, Naturan Hezten proiektua aurkeztu genuen.
Mahai inguruan zehar, agerian geratu zen gizakiok naturarekiko bizi dugun deskonexioa oso handia dela. Gizartean daukagun natur defizita behin baino gehiagotan atera zen mahai inguruan zehar eta gure elkartea bat dator baieztapen horrekin. Naturaren deskonexio honen ondorioz, txikienek eta heldu gehienok esaterako ez dakigu zein landare edo zuhaitz espezie ditugun inguruan, gehienok ez dakigu bata bestearengandik ezberdintzen, berdina pasatzen zaigu errekako arrain edo hegaztiekin ere. Hau da, gure ustez hezkuntzan zein aisialdian ordu gehiago inbertitu beharko genituzkela naturan.
Zenbait azterketen arabera, haur eta gazteek 3-4 ordu pasa beharko lituzkete naturan garapen (fisiko, psikiko, zein kognitibo) egoki bat izateko. Baina nola sartu eguneko 3-4 "natura-ordu" txikienen agendan? Galdera horrek erantzun erreza daukala uste dugu, eskoletan naturara (baso, lorategi, larre, erreka,...) maiztasun handiagoz aterata. Gai izango al ginateke gazteenen eskola orduen herena naturan egiteko? hau da, gai izango al ginateke egunero bi eskola ordu naturan igarotzeko?
Gure ustez egin daiteke, baditugu Euskal Herrian, estatu mailan eta Europan adibide ugari, baina erakundeen aldetik eta irakaskuntzako kolektibo zabalaren (zuzendaritza, irakaslego, sindikatu, guraso,...) aldetik aldaketarako txinparta piztea besterik ez da falta.
Naturan edozein eduki landu daiteke, atera gaitezen matematika naturan ikastera, arrainen izenak errekan ezagutzera, jolas librea egitera, txorien kantuen laguntzaz musika lantzera, gorputza mugitzera eta zikindu ditzagun lokatzez oinetakoak, zikintzen ez dituenak ez baitu bere lana ongi egina izango. Natura gara eta naturatik gatoz, beraz ez gaitezen lau pareten artean itxi.
Eskolak Naturan behar ditugu. Naturan Hezten!