Kolapsoa ala desazkundea?
Azken asteetan energiaren prezioek izan duten gorakada beldurgarria izan da. Kotxearen depositoa betetzeak inoiz baino min handiagoa egiten du eta gasaren edo argindarraren faktura iristeko beldur gara jada.
Alor ezberdinetako ikerlariek urteak daramatzate zenbait erregai fosilen estrakzioaren puntu gorena atzean utzi dugula esaten. Honek zera esan nahi du, hemendik aurrera erregaia lortzeak geroz eta kostu handiagoa izango duela, eta prezioek halabeharrez etengabean gora egingo dutela. CSIC-eko Antonio Turiel ikerlari entzutetsuak hamaika aldiz adierazi du azken hamarkadetako erritmo jasangaitzaren ondorioz kolapsotik gertu gaudela.
Horrezaz gain, Ukrainiako gerrateak agerian utzi du gure sistemaren ahulezia, eta balizko kolapsoa uste baino hurbilago dagoela garbi geratu zaigu. Erregai fosilekiko daukagun menpekotasun handiak kolpatu gaitu.
Horren aurrean, herritarrok egoerari buelta emateko gai garela uste dugu, kontsumo eredua errotik aldatuz. Batetik, gure bizi kalitatea galdu gabe behar energetikoak jaistea posible dela uste dugu, nahikoa da eguneroko ohituretan aldaketa txikiak egiten hastea, hala nola, kotxearen erabilera gutxitzea eta bizikleta edo oinez lekualdatzeko ohiturak handitzea. Eta nola ez, komunikabide digitalaren kontsumo masiboa gutxitzea.
Bestetik, elikadura eredua aldatuz mundua aldatu genezakeela ere uste dugu. Posible da agroekologiaren eskutik ingurumena kaltetu gabe elikagaiak eskuratzea, kontsumo talde batera hurbildu eta ikusiko duzu zein erraza den. Azken finean, Mercadona gutxiago eta Biziola bezelako egitasmo gehiago behar ditugu etorkizun koloretsu bat nahi badugu. Lazkaon 100 metroren bueltan ditugu bi ereduak, batean edo bestean sartzeko erabakia kontsumitzaileona da.
Amaitzeko azpimarratu behar dugu, Desazkundea gero eta gehiago entzuten ari garen hitza dela. Lur planeta, mugatua den heinean, baliabide mugatuak ditu, beraz garapena ezin da izan mugagabea. Gutxiagorekin ondo bizitzea posible eta beharrezkoa da, beti ere oinarrizko beharrak asetzea bermatuz.
Ordizian, 2022ko martxoaren 21ean