Aralarren aurka tematuta

Guztiok dugu gogoan Brasilgo Bolsonaro presidente ohiak Amazonian eginikoa, badirudi ultraeskuineko agintariak gerra deklaratu ziola oihan erraldoi honi, 2020. urtean esaterako, 1,5 milioi hektarea baso primario basogabetuz. Euskal Herrian ez daukagu tamaina horretako oihan zabalik, baina bere txikitasunean natur eremu interesgarri ugari ditugu, eta premiazkoak dira biodibertsitatearentzako, baita gizakiontzako ere, besteak beste, aire garbia, ura, abereentzako bazka eta aisirako aukera eskaintzen baitizkigute. Aralar hauetariko leku bat da.

Azken urteetan, Brasilen gertatu bezala, gerra deklaratu diote Gipuzkoa eta Nafarroa artean dagoen eremu babestu honi. Orain 7 urte Aralarko pisten auzia hasi zen, pista sare zabal bat proiektatuz eta zati batzuk eraikiz. Bien bitartean, AHTaren obrek aurrera jarraitu dute, eta gaur-gaurkoz ez dute Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko lotura Aralar zeharkatuz egitea baztertzen. Eta amaitzeko, berriki, Naturgy empresa atzean duen gasbide baten berri izan dugu, Arakil eta Mendialdea lotuko lituzken lur azpiko gasbidearena hain zuzen.

Nafarroako zein EAEko agintariei politika berdeaz hitz egitean ahoa betetzen zaien bitartean, natur eremuen kontserbazioari bizkarra eman diote, gainazaleko nahiz lurpeko ekintzen bidez Aralar degradatzeko ekintza eta asmoekin. Kasu guztietan alternatibak egon badauden arren, guztietan suntsitzaileenak eta paradoxikoki garestienak lehenesten dituzte. Gutxi batzuen patrikak bete natura suntsituz. Garbi dago ultraeskuineko politikak ez ditugula horren urrun.

Landarlan ingurumen elkarteak Aralarren defentsan aletxoa jartzeko helburuarekin, sarean zintzilikatu du “Aralar, mundua leku den lurra” dokumentala. Aralarren balio naturalaz eta kulturalaz jabetzeko film gomendagarria dela uste dugu. Quercusen, hau da, espainiar Estatuko naturaren ikerketaren eta kontserbazioaren inguruko aldizkari nagusienean ere, hilabete honetan tarte bat eskeini diote dokumentalari. Aralar ezagutu dezagun, eta gauden tokitik babestu dezagun.

Dokumentala: https://naturanhezten.eus/dokumentalak/

Quercusen esteka: https://www.revistaquercus.es/noticia/8464/actividades/la-fragilidad-de-un-paisaje-poderoso.html

LANDARLAN

2023ko apirila