ARALARREN ALDE ELKARRIZKETA ETA ERRESPETUA, ERASORIK EZ!!

Joan zen urriaren 18an Aralarko artzain baten autoari lau gurpilak zulatu zizkiotela jakin dugu, ENBA sindikatuak kaleratutako oharraren bitartez. Hori dela eta, horrelako ekintzekiko erabateko gaitzespena eta erasotuarekiko gure elkartasun osoa adierazi nahi ditugu. Abuztuan Errekabeltzen gure kide batek jasan zuen erasoaren ondotik Zaldibian egin zen elkarretaratzean irakurri ziren hitzak berreskuratu nahi genituzke, beste behin: _"Edozein eratako erasoak erabat onartezinak dira. Ez du axola zein den pertsona, ezta arrazoia ere. Horrelako jarrerek ezin dute lekurik izan gure jendartean. Horregatik, denok, erakundeetako ordezkari nahiz herritar xume, aho batez gaitzetsi behar ditugu horrelako jokabideak."_


Era berean, ENBAk egindako adierazpenen aurrean gogoratu nahiko genuke Aralarko natura babestearen aldeko mugimenduak beti defendatu duela elkarrizketa eta errespetuan oinarritutako eztabaida kolektiboa. Iruditzen zaigu hori dela elkarbizitza baketsua eta konponbideak lortzeko bidea eta horretan jarraituko dugu. Amaitzeko Ertzaintaren ikerketa sakona eskatzen dugu, bai abuztuko zein oraingo erasoetaz




ARALAR BIZIRIK ETA LANDARLAN INGURUMEN ELKARTEA

Ordizian, 2024ko urriaren 26an


Abuztuan, Zaldibian egindako elkarretaratzea