Ahaide Maitea, Oroituz Klimaz (AMOK)
Ozeanoak Lur planetako klimaren erregulaziorako giltzarria dira: eskala planetarioko ur korronte bero eta hotzen arteko zirkulazioak leku bakoitzeko ezaugarri klimatikoetan eragin zuzena dauka. AMOC (Atlantic Meridional Overturning Circulation) deituriko Ipar Atlantikoko korronte batek hezetasuna eta beroa igortzen du Europar kontinente aldera eta, horri esker, Europa klima atsegina duen eremua da orokorrean. Latitude berean dauden beste leku batzuekin alderatuz (Kanada edo Siberiaren hego aldea, esaterako), Europar kontinentean klima heze eta epelagoa da eta honek bertan bizitzeko baldintzak asko hobetzen ditu. Dena den, azken hilabeteetan AMOC deituriko korronte honen egoerak alarma guztiak piztu ditu.
Korronte hau joan zen mendeko 60. hamarkadatik ikertzen bada ere, azken hilabeteetan argitaratu diren ikerketa zientifiko entzutetsu batzuk, korronte honen fluxua azken 10.000 urteetako balio minimoetan dagoela jakinarazteaz gain, korronte honen kolapsoa hamarkada gutxian gerta daitekeela ohartarazi dute. Science Advances mundu mailako erreferentea den aldizkarian argitaratu den azken txostenak, kolapso hau 2030etik hurbil gerta daitekeela ebazten du. Gertakari horrek, Europan hamarkada bakoitzean batezbesteko tenperaturetan 3ºC-ko jaitsiera bat eragin dezakeela ohartarazten dute adituek, baita muturreko gertakari meteorologikoak ugaritu ere. Hori horrela balitz, Europar kontinentearen zati handi bat ezin bizizko eremuak bilakatuko liratekeela diote: “Montpellier-tik gora, dena izotza litzateke” zioen Antonio Turiel CSIC-eko ikerlariak berriki eginiko elkarrizketa batean. Korronte horren gelditzeak, era berean, ipar hemisferioko zona tropikalak eta ekuatorialak gehiegi berotzea ekarriko luke, mundu mailako inpaktu larri gehiago eraginez.
Zientziak argi eta garbi esaten du: ziurgabetasuna dago, baina Ipar Atlantikoko korronte hau urte gutxian gelditzeko arriskua erreala da. Horren eragina hain azkarra eta handia izango litzatekeenez, adituen ustez ez litzateke egoera aldaketara egokitzeko aukerarik egongo.
Anarik abesti batean dioen moduan “gauza handienek ez dute zaratarik egiten haustean”. Eta gu, beti bezala, danbatekoaren zain, ezer egin gabe.
LANDARLAN ELKARTEA
2024ko uztaila
Ozeanoetako itsaslaster nagusietako mapa orokorra.